
Peñagarikanok 23 urteko ibilbidea amaitu du
Kirola Joxe Miel Peñagarikano aizkolari beizamarrak bere kirol bizitzari amaiera eman dio
aiora larrañaga
Joxe Miel Peñagarikano aizkolari beizamarrak aizkora utzi duela adierazi du azken egun hauetan. 1985ean egin zuen lehenbiziko saioa Donostiako Trinitate plazan eta orduz geroztik txapelketa ugari irabazi du: 2000 urtean Euskal Herriko txapelketa, 1997an Gipuzkoakoa, 1998an bakarka Urrezko Aizkorako txapela nagusia eta baita 2000, 2001 eta 2003 urteetan Donostiako Urrezko Kopa ere.
Irabazi dituen sariek eta txapelek azken urteetako aizkolari hoberenen artean kokatu dute beizamarra. 90eko hamarkada bukaera eta mende honen hasiera izan dira bere garairi hoberenak.
Azken urteetan, ordea, bere errendimendua jaitsi egin da. «Txapelketetan eta denboratan atzera egin dut azken hiru urte hauetan eta nabarmena izan da egin dudan gainbehera. Nekea eta adina izan daitezke honen arrazoi nagusiak». Hala ere, bere ibilbidea bukatutzat eman izanak harriturik utzi du asko eta asko.
23 urtez aizkoran
Peñagarikano sasoi bikaina eta prestakuntza paregabea izateagatik nabarmendu da beti. Baina denbora pasatu ahala gauzak aldatu egin dira. «Nire kirol bizitza amaitzeko garaia iritsi dela uste dut. Jada 51 urte ditut eta nire gorputza ez dut lehen bezain ongi antzematen».
Hasiera batean, banaka jokatzen den Urrezko Aizkorako proban parte hartuko zuela esan zuten antolatzaileek, baina dena gaizki ulertu bat izan zen. «Bikotekako Urrezko Aizkora txapelketan, Luis Mari Bengoa antolatzaileari aizkora uzteko asmoa nuela aipatu nion. Lasaiago hitz egitekotan geratu ginen, baina denbora pasatu zen eta ez genuen gaiaz hitz egiteko astirik bilatu. Asko harritu nintzen nire izena partaideen zerrendan ikusi nuenean. Orduan, Bengoari deitu eta gaizki ulertua konpondu genuen. Nik ez bainuen azken txapelketa honetan parte hartzeko asmorik».
Kirol bizitza emankorra
Hasiera guztiek beren amaiera izaten dute, baina txapel eta sariz betetako kirol bizitzaren ostean sentipen onak dira nagusi. Halaxe adierazi du Peñagarikanok berak: «Orain dela hogeita hiru urte aizkoran hasi nintzenean, ez nuen pentsatzen horrelako emaitza onik lortuko nuenik. Hasiera batean nire helburua sei onenen artean egotea edota lehen mailarako sailkatzea zen, baina azkenean dena uste baino hobeto irten zen. Gaur egun, nire kirol bizitzan lortu ditudan emaitzez harro sentitzen naiz».
Etorkizunari begira
Aizkoran haibeste urtetan jardun ondoren, Joxe Miel Peñagarikanoren bizitzan leku garrantzitsua hartu du herri kirol honek. Izerdi eta neke askoren ordainetan, zorion ugari eman dio hogeita hiru urte hauetan zehar; eta hori dela eta, aizkoraren munduarekin harremanetan jarraitzea gustatu litzaioke. Peñagarikanok gisa honetara azaldu ditu bere asmoak: «Enborrak prestatzen jarduteko ideia daukat, baina ez dakit posible izango ote den. Aurreko urtean nik prestatu nituen txapelketetako enborrak eta aurten ere akordio batera iristea gustatu litzaidake. Horretaz gain, mutilen bat entrenatzeko intentzioa ere badut ».
Beraz, aizkora norgehiagokak behin betiko alde batera utzi baditu ere, Peñagarikanok aizkolaritzaren munduan parte hartzen jarraituko du
Musika
'Jose Maria Beobideren omenez, Euskal kantu Liriko Berriak'
ZUMAIA, Komentuko aretoan - 2008-08-07
Erakusketa
Joxean Legorbururen margoak
UROLA-KOSTA, Ispilu Arte galerian - 2008-08-05
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.